2008/10/17

URRIAK 11 - URKIZUN BAZKARIA

BubbleShare:
Lehen auzo bazkaria ospatzearekin batera, hitzarmena sinatu dute Udalak eta Alurtxiki Auzo Elkarteak.

Pixkanaka pixkanaka, Urkizu auzoa berpizten ari dela esan daiteke. Horretarako, bultzada handia ematen ari dira auzotarrak. Joan den larunbatean, ibilbide luze horretan beste pauso bat eman zuten.
Alde batetik, lehen auzo bazkaria ospatu zuten. 125 lagun inguru bildu ziren auzoaren erdigunean jarritako karpan. Bestetik, Tolosako Udalak eta Alurtxiki elkarteak hitzarmena sinatu zuten, Urkizu eta Auzo Txikiaren garapenerako helburu zerrenda gauzatzeko.
Egun Urkizun, Auzo Txikin eta Albizturko goiko aldean bizi direnak, nahiz bizitakoak elkartu ziren jaialdian. Parte-hartzaileak nahiz antolatzaileak oso gustura geratu ziren emaitzarekin, eta hurrengo urtean errepikatzeko asmoa azaldu zuten.Bazkalostea alaitzeko Arandia anaien trikitixa doinuak izan ziren nagusi. Bestetik, haurrek txotxongiloak egiten ikasteko aukera izan zuten,e ta baita marrazteko ere. Bazkari bat baino gehiago Larunbateko ekitaldia etorkizuneko asmoak eta helburuak lortzeko abiapuntu izan zen.
Bazkaria hasi aurretik, Tolosako Udaleko ordezkariek, eta auzokoek, lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten. Agiriaren sinatzaile izan ziren, Jokin Bildarratz Tolosako alkatea eta Pello Ezeiza Alurtxiki elkarteko lehendakaria. Hitzarmenean adierazitakoaren arabera, «Alurtxiki auzo elkartearen helburua da Urkizu eta Auzoko txikiko bizilagunak antolatzeko modua egitea, auzotarren bizitza kalitatea hobetzeko eginbeharretan aktiboki eta arduraz parte hartzeko eta laguntzeko». Ildo horretatik, elkarteak hainbat jarduera burutzeko asmoa du, gizarte, kirol eta kultur arloetan.
Hitzarmenaren klausulak Tolosako Udalak eta Auzotxiki elkarteak sinatutako agirian zenbait konpromezu hartzen ditu Udalak. Hala, 2009tik aurrera ondorengo gaiak bideratzeko asmoa du. Ekipamentuei dagokionean, balioanitzeko lokal bat ahalbidetuko du auzoan. Parkearen arazoa bideratzen saiatuko da, eta baita, frontoiaren konponketa ere.
Bestetik, panel informatiboak jarriko dituzte auzoan eta hainbat eremutarako seinalizazioak. Baserrietan ur puntuak jartzeko aukera ere aztertuko dute, eta ur zikinen egoera eta kudeaketa sisteman egokia aztertu eta plan berezi bat egin. Zerbitzuen arloari dagokionean, ur hornidurari buruzko azterketa eta beharren araberako plangintza egitea aurreikusten dute. Garraio arazoak konpontzeko, zerbitzu egoki bat bilatzen saiatuko dira. Neguari begira, elurretarako palaren zerbitzua zehaztuko dute, eta azkenik, auzoa garbi eta txukun egon dadin, garbiketa eta mantenu maiztasunak definituko dituzte.
Hitzarmenean agertzen den hurrengo puntua kultur arlokoa da. Bertan zehazten denaren arabera, Udalak kontuan hartuko du auzoa kultur ekintzak antolatzeko garaian. Bestetik, urtean bi ikastaro antolatzeko konpromisoa hartzen du eta ekintza nahiz jarduera ezberdinetarako finantzamentua emateko aukera. Honez gain, auzoa ezagutzera emateko eta erakartzeko ekimen berritzaileak antolatuko dituzte. Auzoko bideen inguruan ere aipamen bat egiten da hitzarmenean, eta bertan dio, herri bideak berreskuratzeko lan egingo dela. Hauk zerrendatuz, sailkatuz, egoera eta konbenioak aztertuz.
Hirigintzari dagokionean, etxebizitza politika aktiboa eta egokia bultzatuko dute Urkizun, plan berezi bat martxan jarriz. Auzotarrak kezkatzen dituen beste gai bat, eta agirian bildu dena, parte-hartzearena da. Hitzarmenean zehaztutakoaren arabera, Udalak AHTri buruzko informazioa eskainiko ditu eta kalteak murrizteko aukerak aztertu.
Bestalde, Tolosako eta Albizturko udaletxeen arteko elkarlana definitu beharko da ekintzak burutzeko. Auzoa berpizteko lan horretan, ezinbestekoa da laguntza ekonomikoa. Hori dela eta, gizarte, kultur, kirol eta auzoko jaien jarduerak finantzatzeko partida bat jarriko du Udalak.
Amaitzeko, agirian aipatzen den azken konpromezua da, Tolosako Udalaren webgunean, Urkizuko edukientzako toki berezi bat uztearena. Hitzarmen honetan ageri diren ekintza eta lanak gainbegiratzeko eta bultzatzeko, jarraipen batzorde bat egongo da. Honek hainbat betebehar izango ditu, egitasmoak aurrera jarraitzeko.

No hay comentarios: